NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO ERAKUNDE KONTRATATZAILEEN GASTUAREN AZTERKETA

 

AURKEZPENA

 

2014ko kontratazio-zuzentarauak onartu zirenean (2014/23, 2014/24 eta 2014/25), Europar Batasunak esplizituki adierazi zuen beharrezkoa zela kontratazio publikoa ikuspegi estrategiko batetik aztertzea, Europar Batasunaren helburuak lortzeko beste elementu bat bezala, besteak beste, gastu publikoaren eraginkortasuna, ETEen parte-hartzearen gehikuntza eta helburu sozial komunen babesa (2014/2 Zuzentaraua kontuan hartuta).

Nafarroako Foru Komunitatean, Kontratazio Zuzentarauen transposizioa Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen bidez egin zen; lege horrek kontratazio estrategikoaren arloko Europako eskakizunak jasotzen ditu, eta, gainera, zabaldu egiten ditu, horri buruzko aurreikuspen espezifikoekin.

Zuzentarauen helburuak lortzen laguntzeko, neurri espezifikoagoak hartu behar dira, kontratazioko gastu publikoaren inpaktua areagotzeko, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik ingurune iraunkorragoa lortzeko.  

Ondare Zerbitzuak, 2019an, ulertu zuen neurri horiek planteatu ahal izateko gastuaren azterketa bat egin behar zela, gastu publikoaren formari eta banaketari buruzko informazio nahikoa emateko hainbat ikuspegitatik, eta lehen helburu horrekin ekin zitzaion orain aurkezten ari den azterketari, COVID-19k sortutako egoeraren ondorioz egindako lanaren parentesiaren ondoren.

Azterlanaren edukiak 2016-2020 urteen artean esleitutako gastuaren % 91 hartzen du; beraz, nahikoa adierazgarritzat eta neurriak hartzeko abiapuntu egokitzat jotzen da. Hala ere, mugak ditu, eta horrek, alde batetik, hobekuntza-tarte kualitatibo zein kuantitatibo bat izatea eragiten du, eta, bestetik, murrizketak kontuan hartzeko beharra, datuen interpretazioa zuzena izan dadin eta behar den guztian ñabardurak egin daitezen. 

 

Erakunde mota bakoitzeko gastua aztertzen da (NFK administrazioa, erakunde autonomoak, toki-erakundeak…), jarduera ekonomikoaren, kontratuen zenbatekoaren, esleipen-prozeduraren eta kontratu-motaren arabera. Eta hori guztia NFKko eta NFKtik kanpoko enpresen artean banakatuta, baita enpresa esleipendunen tamainaren arabera ere. Era berean, kontratu publikoen xede izan diren jardueren antzekoak eginez lizitazioetan parte hartu ez duten edo kontratu horien esleipendun izan ez diren enpresen kopurua kuantifikatu nahi da, kontratazio publikora erakartzeko estrategiak ezartzeko.      

 

Horretarako, kontratuaren objektuak eta jarduera ekonomiko horretan diharduten enpresak erlazionatu dira, CPV kodeen lehen bi digituak (kontratuaren xedea identifikatzen duen kode europarra) eta enpresa bakoitzaren CENAE kode nagusia lotuz. Identifikazio horrek mugatzen du enpresa batzuek dituzten bigarren mailako CENAE kodeak kontuan ez hartzea.

 

Hauek dira azterlanean erabilitako datu-iturriak:

 

  1. Kontratuen Erregistroa

Kontratuen erregistrotik lortu da KPFL aplikatu behar duten erakundeek esleitutako eta luzatutako kontratuen informazioa, bai eta esleipenaren zenbatekoa (BEZik gabe), erakunde esleipenduna eta kontratuen CPV (xedea) ere.

 

Informazio horren mugei dagokienez, nabarmentzekoa da kontratu publikoei buruzko informazioa argitaratzeko erantzukizuna erakunde kontratatzaile bakoitzari dagokiola. Erakunde guztiek ez dute prozesu hori automatizatuta, eta, beraz, kontratu batzuk ez dira erregistratu, edo akatsak izan ditzakete. 

 

Erakundeen izenak Kontratazio Atarian agertzen direnak dira, bakoitza esleipena egiteko unean zegokionarekin. Horregatik, baliteke sail batzuk itxuraz errepikatuta egotea, izen desberdinekin, analisiaren urteetan indarrean egon diren egitura organikoei dagozkienak.

 

Bestalde, kontratuen erregistrotik datorren informazioaren artean, Esparru-Akordioen kasu berezia aipatu behar da; izan ere, gutxi gorabehera kontratuen % 22 dira, baina horiei dagokienez, zailtasunak daude informazioa automatikoki tratatzeko, batez ere kontratu-objektu ugari daudelako. Arazo hori partzialki konpontzeko, azterketan aparte jaso dira «kontratu 0» bezala, eta analisitik kanpo utzitako bolumen hori ahal den neurrian murrizteko, eskuz osatu da 1.000.000 edo gehiagoko balio zenbatetsia duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeen Esparru-Akordioei dagokien informazioa, adierazgarrienak direla iritzita. Ondoren, gainerako Esparru-Akordioen azterketa baloratuko da, eta, osagarri gisa, kontratuen erregistroko formularioak hobetzeko aukera aztertuko da, informazio hori hurrengo ekitaldietan automatikoki eskuratu ahal izateko.

Era berean, zaila da unitateko prezioen kontratuei dagozkien gastu-datuen tratamendua automatizatzea.

 

  1. SABI zerrenda, NASTAT informazioa eta Internet.

Hiru iturri horiek enpresa esleipendunen informazioa osatzeko balio izan dute, eta horien artean bereizi nahi izan dira egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten enpresak (eta egoitza fisikoa NFKn dutenak) eta enpresa horietako bakoitzaren barruan ETEtzat, mikroETEtzat edo enpresa handitzat hartzen direnak. Ondorio horietarako, langile kopurua bakarrik hartu da kontuan, negozio-bolumena kontuan hartu gabe.

 

Bereziki, Internetetik lortutako datuek ez dute SABI edo NASTAT zerrendaren fidagarritasun bera.

 

Gainera, NASTATetik zerga-egoitza NFn duten erakundeen informazioa lortu da, lizitatu duten ala ez alde batera utzita, ETE, mikroETE edo enpresa handi gisa kontuan hartzeko adierazitako irizpide bera aplikatuta.

 

 

Azterlan horrek gastu publikoaren gardentasunari laguntzeko balio behar du, eta, horregatik, komenigarritzat jotzen da gastu publikoa izatea, Nafarroako Kontratazio Atariaren bidez, interesa duen edonork informazioa eskuratzeko aukera izan dezan.